XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta hauek ematen dituzten fruitu urriak ekarriz dator hirugarren bertsoa:

Zeatu zitun aldiak,
lasatzen ditu euriak.
Noizbait, asperen gisan,
egozten ditue elorri urriak.

[14,9-12]

Jadanik bigarren estrofan olerkariaren ikuskera subjetiboaren adierazle izan den penagarri ta larriak..., hemen, asperen gisan hori ere ikuskera berorren adierazle bezala dator;

mindura subjetiboki biziaren adierazle ditugu bi ukituok;

horiek, hain zuzen, zabaltzen digute sinbolizaturantzako atea.

Sinbolizatu hori, berriz, laugarren ahapaldian dator bete-betean:

Miñaren erreiñu eder,
maite deutsudaz zauriak:
Iretargiak maite ditun lez
abar urratu ta ausiak.
[14,13-16]

Azken ahapaldi honen lehen bertso lerroak zabaltzen digu sinbolizatuaren mundua.

Izadia bera oinaze larritan somatzen du olerkariak, pertsonifikazio horren bidez gizakiaren sufrimenaren mundua isilean baina indartsu adierazia geratzen da.

Analogiazko korrespondentzia iradokia.

Gandiagak bere poetikaren ezaugarria duen iradokitze edo ukitu juxtu horren bidez adierazia, jakina.

Olerkaria bera ageri zaigu izadiaren oinaze mundua maitatuz eta maitasun horren osagai mitiko gisa, aldi berean horren testigu, ilargia bera jartzen du ideketaz baliatuz: abar urratu ta ausiak maite dituela.

Hogeita hamaikagarren poema bete-betean badator ere elorriaz gainerako sinboloen ikuskera honetara sinbolizazio anitzen artean elorriarenari ere bai baitagokio, halaz ere, jadanik sail horretan aurkeztua baitugu, ez diogu hemen beste begiraturik emango.

5. Pagoa sinbolo

Poema txikia baina esanahitsua eta egituraketa estukoa.

Gaueko ilargitan pago adarrak jasoak somatzen ditu olerkariak.

Ikusmen horretan poetak berak jasotzen ditu bere besoak bigarren sinbolizazio gai bihurtzen direlarik beso horiek.

Beraz sinbolizazio anitza aurkezten du Gandiagak.

Honez gero badakigu autoreak behin baino gehiagotan egin duela joko hori olerkiak eraikitzerakoan.